miércoles, 9 de octubre de 2024

IMAGINE ELEPHANTS (jolasa)

JOLASA

Erreportaje honetan argi geratzen da jolasa eta dibertimendua ezin direla nahastu, berdinak ez direlako. Jolasa norbanakoak bere helburu propioa aurkitzeko egiten duen jarduera da, bere baitan atsegina izatean oinarritzen dena. Hau da, jolasak ez du beti kanpoko saririk edo pizgarririk behar; jarduera bera da xedea. Aldiz, dibertimendua kanpotik barrura egiten den zerbait da; honek esan nahi du entretenimendu modura kanpo-eragile batek sustatutako ekintza dela, eta ez beti haurraren barne-motibazioaren fruitu.

Haurrek jolasten duten momentuetan, errespetua ezinbestekoa da. Haurren jolasa beraien espazioa da, eta hori urratzen bada edo errespetua falta bada, arazo handiak sor daitezke. Azken batean, umeek jolastean duten helburu nagusia ondo pasatzea da, haien burua askatasunez adieraztea. Nire ustez, errespetua izatea ezinbestekoa da eta horrek, etxean irakasten den zerbait izanik, ikaskuntza prozesu osoan lagundu behar du. Familia ingurunean emandako balio hauek haurrek jolasetan erakutsiko dituzte, eta horrela, besteekin modu egokian harremantzen ikasiko dute.

Bestalde, haurrek askatasuna izan behar dute jolasteko uneetan, izan ere, horrek beraien gaitasun eta trebetasun nagusiak garatzeko aukera ematen die. Askotan, gurasoek haurren jolasetan parte hartu nahi izaten dute, baina horrek haurraren autonomia mugatu dezake. Egia da gurasoak adi egon behar direla zerbait gertatzen bada laguntzeko, baina kontuan izan behar dute askatasun hori funtsezkoa dela haurrek gauza berriak ikasteko eta egoera desberdinak esperimentatzeko. Jolas librearen bidez haurrek beren sormena, irudimena eta arazoen konponbidea garatzen dituzte, modu naturalean eta autonomian oinarrituta.

Jolasa aktibitate oso garrantzitsua da haur baten sormenarako. Adibidez, haurrek irakasleak direla imajinatzen dutenean, haien buruan espazio berri bat sortzen dute. Kasu honetan, eskola irudikatzen dute eta irakaslearen papera egiten saiatzen dira. Horrela, jolasak beraien sormena pizten du eta esperientzia berriak bizitzen laguntzen die. Gaur egun, parkeak toki ezin hobeak dira haurrek beren irudimena askatasunez erabiltzeko. Parke batzuetan sukaldeak, egurrezko etxolak edo bestelako jolas-elementuak aurkitzen dituzte, eta horiek haurrak sukaldari, arkitekto edo abenturazale gisa irudikatzen laguntzen dituzte. Baina baita espazio hutsak ere zuhaitzak, belardiak, eta abar oso aproposak dira, haurrek korrika egin, eskalatu edo haien kabuz jolas berriak asmatu ahal izateko.

Antzinean, haurrak denbora asko ematen zuten jolasean. Eguna eskolan eta eskolatik kanpo jolasen bidez igarotzen zuten. Gaur egun, berriz, egoera guztiz aldatu da. Umeek denbora gutxiago dute jolasteko, etxerako lanek eta eskolaz kanpoko ekintzek betetzen baitiete egunerokoa. Egia da ekintza horiek onuragarriak izan daitezkeela, baina kontuan hartu behar da jolasak duen garrantzia haurren garapenean. Eskola batzuetan jolasa sustatzen da eta haurrei denbora ematen zaie modu librean aritzeko, baina beste batzuetan, jarduera egituratuak lehenesten dira, eta horrek haurrei askatasuna kentzen die.

Teknologiaren garapenak ere eragin handia izan du jolas ohituretan. Iraganean, haurrek eskuekin jolasten zuten, ezkutaketetan, dantzan edo botilen txapekin. Gaur egun, teknologia modernoek jolas tradizional asko ordezkatu dituzte. Play Station, mugikorrak eta beste bideo-joko batzuk oso arruntak dira haurrek denbora pasatzeko. Kalean ikusten dugu haur asko banku batean eserita, mugikorretan jolasten, eta elkarren arteko harremana oso mugatua izaten da. Honek ondorio negatiboak izan ditzake, hala nola ikusmen-arazoak, jokoekiko mendekotasuna, sozializatzeko zailtasunak eta eskolako errendimendu baxua.

Dena den, bideo-jokoek ere badituzte alde positiboak. Zenbait ikastetxetan, joko digitalak irakaskuntzarako tresna modura erabiltzen dituzte. Nire kasuan, irakasle batek bideo-jokoen bidez euskarazko aditzak ikasteko aukera eman zigun. Beste irakasle batek, berriz, ordenagailuko idazketan trebatzen gintuen. Kasu horietan, jokoak baliagarriak dira, baina muga bat ezarri behar zaie, abusua saihesteko.

Azken batean, jolasa ezinbestekoa da haurren garapenean. Askatasuna, irudimena eta sormena sustatzen ditu, eta hori ezin da teknologia modernoen eraginpean galtzen utzi. Gurasoek eta irakasleek oreka bilatu behar dute, haurrek jolasa modu osasuntsuan eta errespetuz bizi dezaten. Modu horretan, haurrek bizipen positiboak izango dituzte, eta horiek beraien garapen pertsonalean lagunduko diete.


ERREFERENTZIAK:
Samthing Visual. (2015, 20 julio). Reportaje lineal «Imagine Elephants» [Vídeo]. https://www.youtube.com/watch?v=-Y_lQNJPE6s

Cruces, E., Maguna, J., & Hardie, S. J. (2019). Imagine Elephants: Documental sobre el juego y la infancia [Argazkia]. Berreskuratua https://www.amarauna.euskadi.eus/es/recurso/imagine-elephants-un-documental-sobre-el-juego-y/09f183e7-ab75-49f2-977b-ac317743c7cb








HAUR HEZKUNTZA ETA ZAINTZA

Zaintza kontzeptua azken urteotan gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da hezkuntzaren esparruan, batez ere Haur Hezkuntzan . Zaintza ez da soi...