Zaintza kontzeptua azken urteotan gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da hezkuntzaren esparruan, batez ere Haur Hezkuntzan. Zaintza ez da soilik umeen oinarrizko beharrak asetzea (jatea, lo egitea, segurtasuna bermatzea), baizik eta haien garapen emozionala, soziala eta kognitiboa sustatzea ere. Zaintzak harremanaren kalitatearekin du zerikusia: umeak seguru sentitzen direnean, hezteko eta hazteko baldintza egokiak sortzen dira.
Zaintza, Montarik (2006) azpimarratzen duen bezala, ez da helburu bat berez, baizik eta praktika bat, eguneroko ekintzen bidez gauzatzen dena. Adibidez, ume bat agurtzeko modua, jolas bat aurkezteko unea edo ipuin bat kontatzeko estiloa zaintzaren parte dira. Horrek esan nahi du zaintza xehetasun txikietan dagoela, eta hezitzailearen jarrera arduratsua, adeitsua eta gertukoa ezinbestekoa dela.
Haur Hezkuntzan zaintzak eragin handia du umeen garapen integralean. Zaintzaren bidez, haurrak harremanak eraikitzen ikasten dute, konfiantza garatzen dute eta beren emozioak adierazten hasteko espazio segurua aurkitzen dute. Gainera, zaintza egoki batek haurrei segurtasuna eta maitasuna transmititzen die, haien autoestima sendotuz. Hau oso garrantzitsua da, izan ere, umeek helduen arreta eta babesa behar dute haurtzaroan hazkunde egokia izateko.
Montarik zaintzaren inguruan teoria sakona garatu zuen, eta bere esanetan, zaintza harremanaren kalitatean oinarritzen da. Horretarako, hiru zutabe nagusi aipatu zituen: ardura, errespetua eta askatasuna.
Ardurak esan nahi du umea behar dugula konturatzea eta haien premiei adi egotea. Zaintza ez da soilik umeen behar fisikoei erantzutea, baizik eta beren ahuleziak eta emozioak kontuan hartzea. Irakasle edo hezitzaile batek ardura du une egokian eta modu egokian laguntza eskaintzeko. Haur Hezkuntza, beraz, zaintza-praktiken komunitate bat bihurtzen da, non ume bakoitza zaindua eta entzuna sentitzen den.
Horrez gain, ardura hartzeak helduaren enpatia eskatzen du. Irakasleek haur bakoitzaren egoera pertsonala ulertzeko gaitasuna garatu behar dute, haien erritmo eta beharrak errespetatuz. Hau ez da soilik hezkuntzan gertatzen den zerbait, gizarte osorako balio duen kontzeptua ere bada.
Zaintza errespetuzkoa izan behar da, umea behartu gabe eta haren autonomia errespetatuz. Hezitzailearen papera ez da kontrolatzea edo norabide jakin batera bultzatzea, baizik eta baldintzak sortzea umeak bere kabuz garatzeko. Hau oso garrantzitsua da, umeak ikasten baitu bere espazioa eta beharrak errespetatzen dituzten inguruneetan seguru sentitzen.
Errespetua praktikatzeko, helduek umeen iritziak entzun eta kontuan hartu behar dituzte. Haur Hezkuntzan, haurrei aukera eman behar zaie beren ideiak adierazteko, jolasetan parte hartzeko eta erabaki txikiak hartzeko. Honek autonomia garatzen laguntzen die eta beren buruarengan konfiantza handitzen du.
Montarik zaintza doako oparia dela dio. Hau da, hezitzaileak denbora, energia eta arreta eskaintzen ditu umea zaintzeko. Zaintza ez da trukean ezer eskatzen duen ekintza, baizik eta umearekiko dedikazio etikoa da. Umeentzat, zaintza honen bidez esperientzia positiboak bizi dituzte, eta esperientzia horiek hazkunde osasuntsuaren oinarriak dira.
Askatasunak umeen hazkuntzan duen garrantzia ezin da gutxietsi. Askatasuna ez da diziplina falta, baizik eta haurrei espazio seguru bat eskaintzea, non libreki adierazi eta esperimentatu dezaketen. Honek haien sormena pizten du eta mundua ulertzeko prozesua errazten du.
Zaintza praktikan jartzea ez da beti erraza, baina funtsezkoa da. Eguneroko ekintza txikietan agertzen da zaintza, adibidez: umeei agurra emateko moduan, umeen emozioak entzutea eta ulertzea eta abar.
Horrelako keinu txikiek umeei erakusten diete zainduak eta errespetatuak daudela. Harreman hauen bidez, haurrek konfiantza eraikitzen dute hezitzaileekin eta, ondorioz, etorkizuneko harremanetarako oinarriak jartzen dituzte. Zaintza egunerokoan barneratuta dagoenean, umeak seguruago, alaiago eta prestatuago sentitzen dira munduari aurre egiteko.
Zaintza ez da bakarrik praktiketan lantzen den zerbait, hezitzaileek jarrera eta ikuspegi egokiak garatu behar dituzte. Umeekin harreman egokia izatea ez da automatikoki gertatzen: ardura, errespetua eta askatasuna kontzienteki landu behar dira. Gainera, zaintza ez da bakarrik haurtzarora mugatzen, bizitza osoko beharra da. Pertsona guztiek zainduak izateko beharra dute, eta hori ulertzea funtsezkoa da gizarte osasuntsuago bat eraikitzeko. Ikasle gisa, zaintzaren teoriak gure jarrera profesionala eta pertsonala aberasten laguntzen du.
Montariren teoriak aukera ematen digu zaintza ulertzeko modu berri eta sakon batetik. Zaintza ez da bakarrik zerbait praktikoa, baizik eta etikoa ere bada. Umeak zaintzea opari bat da eta hezitzaile gisa dugun ardura da zaintza modu egokian praktikan jartzea.
Beraz, unibertsitatean zaintzari buruz hausnartzen dugunean, ez dugu bakarrik ikusten zer egin behar den, baizik eta nola egin. Haur Hezkuntzako profesionalek zaintza kalitatez eskaintzen dutenean, umeen garapen osoa bultzatzen dute eta horrekin batera, gizarte hobe bat eraikitzen laguntzen dute.
Zaintza txikitasunean hasten da, baina bere ondorioak betikoak izan daitezke. Gure eguneroko keinuek eta jarrerek eragina dute, eta zaintza zaintzen dugunean, etorkizuneko belaunaldiak ere zainduago eta zoriontsuago izango dira.
ERREFERENTZIAK:
UPV/EHU. Haur Hezkuntza eta zaintza [PDF Artxiboa]. https://egela.ehu.eus/pluginfile.php/10674898/mod_resource/content/1/Haur%20Hezkuntza%20eta%20Zaintza.pdf